Piztu Lezo

Piztu Lezo

Piztu dezagun Lezo!

Zeorri! aldizkaria

Agertokia ez da deus aldatu. Sei mila biztanle inguruko herri kozkor bat, Pasaiako badiaren ertzean, eta jende multzo bat prest bertan erosteko, jolasteko, lan egiteko, langabe izateko, haserretzeko, manifestatzeko, zahartzeko eta beste hainbat kontutarako. Askok Lezo lo egiteko besterik ez du erabiltzen, baina besteontzat ezinbestekoak dira herriko zerbitzu eskaintza, Gezalako kultur programazioa, kiroldegiko frontoi estalia, igerilekua, liburutegia edo-eta Plazetako futbol zelaia. Horietan eta horiei esker bizi gara Lezon. Hala ere, azkenaldian gabezia nabarmena sumatu dugu herri txiki honetako ekosisteman. Orratxek azken alea argitaratu zuenetik, apenas izan da tokiko istorioez aritzeko gertuko aldizkaririk. Haren segida izateko inolako asmorik gabe, hark utzitako hutsunea betetzeko garaia dela erabaki dugu zenbait gazte lezoarrek, eta gogotik egin dugu lan aldizkari honek argia ikus dezan. 

Aurkezpen ofizialekin hasita, Piztu Lezo dinamikako partaideak gaituzue lerro hauen atzetik etorkizuneko Lezo zirriborratzen. Ez dugu eskarmenturik kazetaritzan, baina ederki lokaztu gara Lezo eraldatzeko ekimenetan, eta inozentziatik ekin diogu urtarokako aldizkari honi. Gaztetasunetik idazten dugu, anbiziotik ezinbestean, gure ikuspuntuaren arabera intereseko hainbat gai jorratu eta plazaratzeko. Spoilerrik egin gabe, Karlos Saldiseren erailketaren urteurrena, Zubitxoko termen proiektua, euskararen kale erabileraren emaitzak, Gabonak eta beste makina bat kontu irakurri ahal izango duzu neguko ale honetan. Zerorrek erabaki aldizkaria beharrezkoa den ala ez, egiten asmatu dugun ala ez. Baina, lezoar horrek jakin, zerorri zuzentzen gatzaizkizula, eta urtaro aldaketak ekarriko dizula Zeorri ale bat aldiro.